1869an, Westphalek egungo parametroekin transexualitate bezala deskriba genezakeen kasu bat argitaratu arren, eta ondoren beste egile batzuek antzeko kasuei buruz idatzi bazuten ere, 1980 arte transexualitatea ez zen diagnostiko gisa ofizialki sartu sailkapen psikiatrikoetan. Buru Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Gidaliburuan (DSM) agertuko zen lehen aldiz, homosexualitatea sailkapen horretatik irten zen une berean.
Gehiago irakurri
Gure testuinguruan, 1970az geroztik, pertsona transen eskubideen aldeko mugimenduak egituratu dira. Duela zenbait urte, talde batzuetan, transexualitatea despatologizatzeko eskaera agertu zen. Pertsona transek horren alde egin dute, ez baitute uste buru nahasmenduren batek erasan dienik eta, beraz, diagnostikorik edo zaintza psikiatrikorik behar dutenik.
Aktibismo trans horren mobilizazioak ugaritu eta pixkanaka koordinatu ziren, nazioarteko "Stop Trans Patologization 2012" (STP2012) kanpaina antolatu arte. Kanpaina horrek, 2009ko urrian, mundu osoko 40 hiri baino gehiagotako taldeak manifestatzea lortu zuen; honakoa eskatu zuten: nazioarteko diagnostiko gidaliburuetatik Genero Nortasunaren Nahasmendua kentzeko, zaintza psikiatrikorik gabe hormona tratamenduak eta sexua berresleitzeko kirurgiak askatasunez eskuratu ahal izateko, eta, Espainian, agiri ofizialetan izena eta sexuari buruzko inskripzioa aldatzeko hormona tratamendua jasan beharra kentzeko.
Azken urteotan, pertsona transen elkarte nagusiak despatologizazioaren alde jarri dira, eta gauza bera egin dute filosofia, soziologia eta antropologia arloetako ahots kritikoek, edo pertsona transekin lan egiten duten psikiatriako eta psikologiako profesionalek ere.
Gaur egun, DSMn, transexualitatea diagnostikatzeko irizpide gisa hartzen dira neska-mutilek jolasterakoan sexuaren arabera erabili beharko lituzketen jolasak, janzkera edo laguntasuna. Hala, transexualitatea buru nahasmendutzat jotzearekin batera, genero estereotipoen urraketa psikopatologia bihurtu dute inplizituki. Beraz, diagnostikoari eutsiz, estereotipo sexista batzuk osasuntsuak bailira defendatzen lagundu dute ‑estereotipo horiek trans identifikatzen diren pertsonei bakarrik eragiten ez dieten arren‑.
Bibliografia:
-Amerikako Psikiatria Elkartearen web orria; bertan, hurrengo gidaliburuko (DSM V) transexualitateari buruzko eztabaidak azaldu dira:
http://www.dsm5.org/proposedrevision/Pages/GenderDysphoria.aspx
-Espainiar estatuko trans elkarteen politikei buruz:
Platero R. "Transexualidad y agenda política". Política y sociedad 2009;46(1 eta 2):107-28.
-Apur bat gehiago sakontzeko:
Missé M, Coll Planas G, editors. "El género desordenado. Críticas en torno a la patologización de la transexualidad". Bartzelona: Egales; 2010.
Igo