Bizitzaren jasangarritasuna1
Ez dago natura esplotatzeari uzterik emakumeak esplotatzeari uzten ez badiogu, besteak beste (...) inguruabar historikoak eta kulturalak direla-eta, neurri batean naturarekin ditugun loturak kudeatzeko arduradunak garelako.
Beatriz Gimeno2
1. Abiapuntuko definizio bat
Bizitzaren jasangarritasuna apustu politikoa eta, are gehiago, larrialdiko deia da, pertsonak eta planeta gure jardueraren erdigunean jarriko dituen, gure eta etorkizuneko belaunaldien eskubideak erabiltzea ahalbidetuko duen, eta zaintzaren etikan oinarrituko den eredu bat garatzearen alde. Globalizazio kapitalistak nahi dituen homogeneizatzea eta hierarkizatzea ez bezala, ez da jarduteko esparru itxia. Pertsona guztientzako tokia izango duen bidezko gizarte batek ‘bizitza ona’ esan geniezaiokeena, Andeetako kontzeptu horren berrikusketa eta egokitzapen kritiko batean oinarrituta sozialki hitzartutako ekonomia, gizarte, kultura eta ingurumen eraikuntza bat izan behar du, berau osatzen dutenen esperientzia, desira eta premia aniztasunari zabalik.
2. Krisiaren amaiera, baina... zer krisi?
Bizitzaren jasangarritasunaz mintzatzea eredu nagusiaren aurrean bestelako proposamen bat egitea da eta, beraz, pairatzen ari garen sistema krisitik irteteko proposamena. Zibilizazio krisiaren aurrean, bizitzea merezi duen bizitza erdigunean jartzean datza proposamena.
Hedabideek eta klase politikoak saldu digute oraingo krisia diruzko ekonomiaren zirkuituetan kokatutako arazoetara mugatzen dela, baina begirada hegemoniko hori ez da balekoa. Gure ustez ez da egoeraren araberako krisia; 2008 baino askoz lehenago hasi ginen hari buruz hitz egiten eta bere erpin ugariak ikustatzen. Hain zuzen ere, “Ez da krisialdi bat; sistema da” dioen ideia azpimarratzen ari garen ahotsak ezkutatzean oinarrituta eraiki da krisia.
Kapitala metatzeko zirkuituen funtzionamendu ona berreskuratzeko egituratu den erantzun politikoak eragin du krisia, eta lehenagoko dimentsio anitzeko krisia larriagotu du. Estatuak merkatuaren desoreken aurrean izan duen erantzuna da, bizi baldintzei larriki erasoz, kapitalaren arriskuak gizarteratuz, eta bizitzako arriskuak banakako bihurtuz (“haien etekinak, gure krisia”).
Zer esan nahi dugu krisia dimentsio anitzekoa dela diogunean? Zenbait alderdi daukala, eta alderdi guztiak eztabaidatu eta aztertu beharko liratekeela ikuspegi integral batetik, baita bistaratu beharko liratekeela ere, alderdi guztiak konpontzeko proposamen zehatzak eginez. Alderdi horien artean, honakoak daude:
Krisi ekologikoa: zenbait dimentsio biltzen ditu, hala nola klima aldaketa, natura baliabideen agortzea, eta bioaniztasunaren kolapsoa, bai espezieei bai kulturei dagokienez.
Osasun krisia: gaixotzen diren gorputzak, bai sistemak esplotatu dituelako, baita gaitzak batez ere emakumeenak ezkutatu eta enpresa farmazeutiko handien onerako gehiegi medikalizatu dituen begirada medikoaren ondorioz ere.
Krisi etikoa: etikoari, geure burua subjektu gisa ulertzeko moduari, bizitza komunari, bizitza ona denari buruzko sentipena biltzen du, eta pertsonetara ez ezik, gizartearen eta erakundeen txoko guztietara heltzen da.
Ordezkapen krisia: ez gara sentitzen botere politikoak ordezkatuta, ez baititu jaso herritarren premiak eta aldarrikapenak, guztiz kontrakoa baizik. Baina antzinako gizarte mugimenduek ordezkatuta ere ez; esaterako, sindikatuek, lana enplegu gisa baino ulertzen ez duen logika kapitalistan enkistatuta, ez diete erantzun benetako lanaren eta berau ulertu eta bizitzeko moduaren arazoei. (Adibidez, non zeuden sindikatu nagusiak 2012ko ekainaren 21eko langabetuen martxan? Eta etxeko langileen manifestazioetan?).
Gizarte erreprodukzioaren krisia: hona inoiz iritziko ez zela uste genuena, prekarietatetik bazterketarako urratsa dakarren hori, herri txiroen eta 'azpigaratuen' kontutzat genuena. Diagonal egunkariaren 182. zenbakian jaso zutenez, jada espainiar estatuko familien %22 bizi dira txirotasunaren mugaren azpitik.
Zaintzen krisia: zaintzen egungo antolamendua bidegabea dela erakutsi du, zaintza ez-gogobetekoak, urriegiak, prekarioak eta horietan jarduteari dagokionez askatasunik gabe hautatuak dakartzalako. Zaintzen antolamendu tradizionalak dagoeneko ez ditu premiak asetzen, eta krisiak etengabe gogorarazten digu bizitzari eusten dioten beste lan ikusezin eta aitortu gabeko batzuk daudela, baina gizartearen aldetik ez dago erantzunik errealitate horien aurrean.
3. Bizitzari esanahia berrezartzea bizigarria eta jasangarria izan dadin
Gobernuen eta nazioarteko erakundeen politika ofizialek jasangarritasunaren diskurtsoa bere egin dute, eta ingurumenaren eremura mugatu dute. Politika horietatik haratago, ordea, ikuspegi integral batetik bizitzaren jasangarritasunak esan nahi duenari buruzko ariketa bat jarriko dizuegu hemen.
3.1. Gizarte zuzentasuna eta bidezkotasuna
Historikoki, bizitza hainbat alderditan defendatu beharra azpimarratu du feminismoak (gerraren, indarkerien, pilaketa mugagabearen, lurraren esplotazioaren eta suntsipenaren, gehiegizko medikalizazioaren... aurrean). Ekofeminismoaren adar batzuk, zaintzaren etika defendatzen dutenak, ildo horretan kokatu dira. Halaber, ‘bizitza ona’ (‘sumak kawsay’, Ekuadorko kitxuan) edo ‘ondo bizi’ (‘suma qamaña’, Boliviako aimaran) kontzeptuetara jo dezakegu, harago joateko aukera ematen baitigute: bizitza defendatu ez ezik, banaka eta taldeka bizitzak biltzen duen edukiaz ere galdetzeko. Bestela esanda: bizitza zentzu berriak eraikitzeko aukerak zabaldu dizkigu. Gizarte gisa 'bizitza' kontzeptua zalantzan jartzen ez badugu, pertsona bakoitzak merkatuan garatzen dituen aukeretan oinarritutako ereduari eutsi nahian egon gintezkeen hots, egungo sistema kapitalistaren aurrean geundeke . Horregatik, bizitzaren jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, argitu behar dugun lehen kontua honakoa da: zertaz ari gara bizitzaz mintzatzen garenean? Alegia: zer beste zentzu eman nahi diogu?
Biziaren jasangarritasunaz galdetzeak berekin dakar mahai gainean jartzea planetaren eta pertsonen mugen, premiak asetzearen (horrek dakarren subjektibotasun maila handiarekin), eta bi elementuok (mugak eta premiak) errespetatzea ahalbidetuko duen gizarte berrantolaketaren arteko tentsioa.
Duela zenbait urtez geroztik ikusi dugu botere ekonomikoa eta politikoa, zinikoki, jasangarritasunaren kontzeptuaz jabetu dela, eta distortsionatu egin duela; ikusi dugu, era berean, merkatuaren logikatik, sistema (kapitalista eta patriarkala) erabat bideragarria dela: gizarte desberdintasunen eta ingurumenaren esplotazioaren sare konplexu batean bermatzen da. Horren adibidea da zaintzen feminizazioa: sistemak funtzionatzea ahalbidetu du, baldin eta prekarietatearen eremuan gertatzen bada.
Hala ere, gizarte mugimenduen tartean, feminismoaren kritikak azpimarratu eta zehaztu egin du: ez dezagun sistemaz hitz egin, bizitzaren jasangarritasunaz hitz egin dezagun. Eztabaidak gizarte zuzentasunaren eta justizia sozialaren eremura garamatza, planetaren eta pertsonen ahalmenak errespetatzera.
Bestalde, azken hamarkadetan sortutako desberdintasunek eredu zuzenagoaren bilaketa bultzatu dute, garapena biztanleria globalaren zati baten bazterketan edo prekarietatean oinarritu ez dadin. Ezin da aberastasuna sortu, edo gizarte bizitzaren eta ongizatearen zenbait alderditan gizarte aurrerapenak egin, gizarte erantzukizunen banaketa desorekatuan edota bizitzaren eta baliabideen esplotazioan oinarrituta.
Zaintzei dagokienez, funtsezko kontua da, bizitzaren jasangarritasuna esku pribatuetan geratu delako, ez baita lehentasunezkoa metaketaren logikaren barruan; hori dela-eta, zaintza feminizatu egin da, eta prekarietate handiagoa sortu duen gizarte erantzukizuneko zama eragin du (prekarietatea lan esparruan ez ezik, ikuspegi integratzaileago batetik ulertuta: osasunean, erabakimenean, norberaren garapenean...). Dena den, harago doazen egiturazko desberdintasunak ere aintzat hartu behar ditugu, Iparralde globaleko herrialdeetako bizitza mailekin gertatzen den bezala, Hegoaldeko herrialdeetako gizarte erreprodukzioko krisia areagotzen baitute.
Hala, berdintasunezko eta justizia sozialeko ikuspegitik hitz egin behar da bizitzaren jasangarritasunaz: ez dago eredu jasangarririk desberdintasun handiagoak badakartza.
3.2. Guztiontzako jasangarritasuna aniztasunetik eta pertsonen eta testuinguruen berezitasunetik
Bizitzaren kontzeptua behin-behinekoa eta ezegonkorra da. Kulturalki ulergarriak diren bizitzen eta bazterretan kokatu diren bizien arteko aldeak azpimarratu zituen Judith Butlerrek3. Bizitz guztiek ez dute berdin balio. Hori dela-eta, bizitza jasangarria edo bizitza bizigarria zer den galde dezakegu.
Edozein dela bizitza hori ezin da bazterketan oinarritu. Hots, bizitza ontzat jotzen duguna ezin da hala izan besteen bizitzaren lepotik, eta horregatik, bokazio unibertsala daukala diogu. Unibertsaltasun hori, ordea, ezin da aldi berean errealitate askotarikoaren ukapen bihurtu eta, horregatik, berezitasunei begiratu behar diela diogu. Testuinguru berean erantzun desberdinak eskatzen dituzten errealitateak egon daitezke aldi berean.
Errepikatzen den adibide bat daukagu aniztasun funtzionala duten pertsonengan: zaintzaren zein hirietako irisgarritasunaren eremuetan dauzkaten beharrizanek hiri jasangarriari buruzko pertzepzioa alda dezakete, eta normaltzat hartzen dugunaren parametroak hankaz gora jarri (ospitaleko eskailerak oztopo izugarria izan daitezke).
‘Bizitzaz’ mintzatzen garenetan, horren baitan lotutako hainbat alderdi aurresuposatzen dugu. Bizitzaren jasangarritasunaren alde egiteko, alderdi horiek guztiak jasangarritasunetik eta jasangarritasunagatik pentsatu, diseinatu eta abiarazi behar dira. Alegia, lanen gizarte antolakuntzan, lurraldeen (hiria, landa, itsasoa, etab.) eta garraioaren plangintzan eta kudeaketan, identitatearen eraikuntzan, produkzioa-banaketa-kontsumoa sekuentzian, elikaduran, osasunean, eta abarretan dagoen errotiko kritika egin behar da.
4. Ondorio (ireki) gisa
Ez dugu ondorio batzuekin itxi nahi, ez dagoelako halakorik. Alderantziz; galdera asko zabalik geratu zaizkigu, eta arestian aipatu dugun sasi-ondorio bat daukagu: ez da formula bat, baizik eta gauzak zalantzan jartzeko erronka etikoa eta politikoa, sistema zuzen baten marrazki eskematikoa, guztion artean egin beharreko eztabaida, hainbat eremutan, testuingurua, une historikoa, egoera kontuan izanda: zein bizitza?
Eztabaida horretarako, zaintzen antolakuntza sozial, politiko eta praktikoan sartu behar da, baina batez ere, horren alderdi filosofikoenean: bizi nahi den bizitzaren esanahiari buruzko garrantzizko zentzuak gorde dituzte zaintzek4. Zaintzaren bidez gorputzen zaurgarritasunari buruzko ideia indartzen da, eta agerian geratzen da elkarrenganako menpekotasuna duten izakiak garela, eta bizitzako garai guztietan zaintzak behar ditugula, zenbait maila eta neurritan bada ere. Bizitza eta izaki horiek ingurune baten barruan eta planetaren mugen baitan garatzen dira eta, beraz, paraleloki, planetaren zein gizakien jasangarritasuna mahai gainean jarri eta bilatu beharko da5.
1Definizio hau batez ere Silvia López Gilek, Amaia Pérez Orozcok, Cristina Santillán Idoatek eta Rocío Lleó Fernándezek -oraintxe bertan 'Enfuga' taldeko kideak- Gipuzkoako 2012ko Berdintasun Plana definitzeko laguntza prozesuaren esparruan egindako hausnarketetatik elikatu da, zati batean.
2'En marcha la Red Ecofeminista' elkarrizketatik aterea, hemen eskuragarri: http://www.noticiaspositivas.net/2012/06/11/en-marcha-la-red-ecofeminista/
3 Butler, Judith (2006) 'Vida Precaria (poder del duelo y la violencia)', Ed. Paidós.
4Anderson, Jeanine (2008), 'Nuevas políticas sociales de producción y reproducción', Arriagada, Irma (de.), Futuro de las familias y desafíos para las políticas, CEPAL – Series Seminarios y Conferencias, 52. zk.
5Gai horietan sakontzeko eta zabaltzeko, hausnarketa eta proposamen ekofeminista interesgarrietara jotzea gomendatzen dugu, lan horrek artikulu honen helburua gainditzen baitu.