Emakumeengan eraikitako beldurra da, geure burua izaki ahul eta babesgabe sentiarazi diguna, jarduteko edo indarkeriari aurre egiteko gaitasunik gabe. Sexu izuak sortu dituen horma sinbolikoek euren eskubideak erabiltzea eta izatea galarazi diete emakumeei. Mehatxu zehaztu gabea baina benetakoa da, eta kontrol onargarria ahalbidetzen du, ustezko babes batean oinarrituta, ‘zerbait’ gerta dakigukeelako bizitzan bakarrik ibiltzea erabakiz gero, behar adina ‘kontuz’ ez bagabiltza. Horrek dakartzan uko egiteen ondorioz, ‘apartheid ezkutua’-z hitz egin genezake, emakumeei ukatu zaizkien esparruak eta egoerak baitaude. ‘Babestuta’ sentitzeko itxaropen bakarra gure printze urdina edo, horrelakorik ezean, gizon bat da.
Gehiago irakurri
Sexu izua afektibitate eta segurtasun esparruetatik txertatu da eta, horri esker, bere boterea eraginkorragoa da, mezuak estimuaren edota babesaren ondoriotzat ulertu baitira, egiaz denaren ordez: kontrola. Txikitatik honako mezuak eman dizkigute: “Kontuz zer egiten duzun, zerbait gerta dakizuke”; ‘zerbait’ hori fantasmagorikoa da, zehaztu gabea, eta zehaztugabetasun horrek izua eta blokeoa dakartza. Sortu duen sentipena autokontrolaren bidez baino ezin da borrokatu, zehaztugabearen aurrean jokatzeko baliabiderik ez dagoelako. Zehaztu gabeko mehatxu hori hertsatzea da emakumeen banakako zein taldeko portaerentzat eta askatasunarentzat, eta gainera, berezkotzat, borrokaezintzat hartu da.
Gizarteak beldur hori indartu du, emakumeak indarkeriaren biktima pasibo edo biktimagile gisa eraiki direlako; horren ondorioz, praktikan indarkeria egiturazko elementua dela ukatu da, eta eremu pertsonalean kokatu da: guk erasoak pairatzea edo ez pairatzea geure burua zein erasotzaile ‘eroak’ ‘kontrolatzen’ jakitean datza –erasotzaileek ez baitakite edo ez baitute euren burua kontrolatu nahi‑.
Igo