Jazarpen homofobiko eta transfobikoari edo LGTBfobiagatiko eskola jazarpenari "bullying homofobiko eta transfobikoa" ere esaten zaio. Haren baitan zenbait portaera oldarkor biltzen dira, zeinen bidez pertsona batek bazterketa, isolamendua, mehatxua, irainak eta erasoak behin eta berriz pairatzen baititu. Indarkeria hori bere berdinengandik (inguru gertueneko antzeko adineko pertsona bat edo batzuengandik) zein helduengandik dator, botere desorekatuko harreman batean, eta zenbait bortizkeria modu darabil.
Gehiago irakurri
Bullying homofobikoak zigor eta ekintza zuzentzaile batzuen bidez dihardu, eta genero, sexualtasun eta nortasun ereduak sortzea eta indartzea bilatzen du. Erasotzaileek homofobia, sexismoa eta heterosexismoari lotutako balioak darabiltzate euren indarkeria zuritzeko. Biktima bihurtzen dena iraindua eta gizagabetua izango da eta, orokorrean, ezingo da egoera horretatik bere kabuz irten edo oso zail gertatuko zaio.
Homofobia eta transfobiagatiko eskola jazarpena LGTBQI gazteen arazoa baino ez delako ideiatik urrun, genero eredurik normatiboenetatik kanpo edo beste LGTBQI pertsonei lotuta sumatzen edo irudikatzen den pertsona oro ere jartzen du jomugan. Egoera horretan berdinen ingurua jazarpenaz jabetzen da, eta gertatzea onartzen du, pertsona helduen isilean. Helduek, bestalde, ez dute egoera ezagutzen, edo garrantzia kendu eta ezikusiarena egitea erabakitzen dute. Hala, jokabide horren laguntzaile edo kide bihurtzen dira, ezer ez eginez. Adingabearen gaineko botere harremana heldu batek darabilenean abusu larriago baten aurrean gaude, batez ere hezkuntza, gizarte ekintza edo osasun testuinguru batean gertatzen denean.
Honakoak dira jazarpen homofobiko eta transfobikoaren funtsezko ezaugarrietako batzuk: nahita eginda dago eta biktimizazioa eragiten du, aldeen arteko botere harreman desorekatuaren baitan gertatzen da, eta aldian behingoa izan barik, denboran luzatzen da. Berdinen arteko larderia fisikoa, hitzezkoa edo harremanekoa izan daiteke eta erasotzaileak edo erasotzaileek nahita egiteko duten gogoa erakusten du. Esan genezake biktimaren lehenagoko probokaziorik gabe gertatzen dela, edo sexualtasun minoritarioko pertsonatzat hartua izatea edo generoaren arauz kanpoko eraketa edukitzea bera desafiotzat jotzen dela. Behin eta berriz eta etengabe errepikatzen denez, biktimek ez daukate jazarpen egoeratik euren kabuz irteterik, eta ondorio oso kaltegarriak dauzka, hala nola antsietatea, autoestimu baxua, depresioa eta eskola ingurunean integratzeko zailtasunak, besteak beste. Honakoak dira beste eskola jazarpen moten aldean bullying homofobikoak dauzkan ezaugarri bereizgarrietako batzuk: eskolan eraso homofobikoak ezkutatzea eta isilaraztea, familiaren laguntzarik eza, eta lesbianek, gayek, transexualek eta bisexualek pairatzen duten estigma euren alde egiten dutenei zabaltzea; horrek, bestalde, portaera homofobikoen aurka argi agertzea galarazten die nerabeei. Beste bereizgarri bat da homofobia normalizatu egin dela, eta horrek autokontzeptua negatiboki barnerarazten du.
Bestalde, bullying homofobikoaren kontzeptualizazioan ahaztu ohi dugu homofobia intersekzioa dela, eta hala, generoaren, arrazakeriaren eta gizarte klasearen bidez ere artikulatzen dela, estigma eragiten duten beste gizarte desberdintasun batzuen artean. Alegia, neska-mutil batzuk beste batzuk baino ahultasun handiagoan daudela, eta eskola jazarpen homofobikoa beste bazterkeria modu batzuetan errotuta dagoela. Beste bazterkeria modu horiek ere naturaltzat jotzen eta onartzen ditugu, eta elkar eraikitzen dute. Intersekzio izaera horrek eragiten ditu ahultasuna eta estigma, galdekatu nahi dugun kokapena.
Igo