Giza historian, emakume eta lesbiana asko jardun gara mundua gugandik abiatuta izendatzen. Hizkuntzaren marka femeninoa erabiliz (gaztelaniaren kasuan, “a” erabiliz) eta gure ulerkeratik abiatuta izendatzen dugunean, ekintza politiko bat egiten ari gara, gure mundua berriro marrazten.
Gehiago irakurri
Hizkuntza modu ez-sexistan erabiltzea zer den, bada, hauxe: “a” gehitzea, emakumeok izendatzeko, espazio-denboran presente gaudela ikusaraztea, eta, batez ere, planeta honetan bizi den bakarra gizona dela dioen sinesmen hori haustea.
Era berean, hizkuntzaren erabilera inklusiboak eta ez-sexistak uko egiten dio heteroarauari eta arrazismoari. Hots, ez ditu erreproduzitzen emakumeak giltzapetzen eta gizonen zerbitzura jartzen dituzten instituzioak, eta ez du betikotzen zuritasunaren desira nonahikoa. Harreman horizontalak adierazten ahalegintzen da, eta elkarrizketa hauspotzen du. Hizkuntza hala erabiltzeko, etengabeko kontzientzia behar da, hitz guztiak eta horien artikulazioa berrikusteko, ez dezagun jendea diskriminatu ez ikusezin bilakatu, eta ez ditzagun arrazakeria, misoginia eta lesbofobia erreproduzitu. Hizkuntzaren erabilera ez-sexistak premiazkoa du kontzientzia, hartara, hitzaren bidez marrazteko eta deskribatzeko poza, askatasuna, errealitatea, salaketa eta proposamena.
Hizkuntza libertario bat proposatu nahi dugu, bizitzaren askotariko dimentsio eta hautuak izendatzeko, pentsatzeko era bakarraren ildoa hautsi eta kolorez eta formaz betetzeko. Idazten eta hitz egiten ari zaretenean, gogoan hartu itzazue mundua beren ikuspegitik izendatzeagatik akabatu, torturatu eta desagerrarazi dituzten emakume guztiak, eta eraman beren iraultza-grina eta askatasuna kosmos honetako azken partikularaino.
Igo