Nerabezaroan, eta hezkuntza integrala lortzeko, hezkuntza afektibo-sexualak oinarrizko eginkizuna dauka. Hari buruz barneratutako ikaskuntzek eragin larria dute nerabeen osasun fisikoan zein ongizate psikikoan, eta euren bizitzetako alderdi batzuei buruzko erabaki garrantzitsuak alda ditzakete.
Gehiago irakurri
Hezkuntza afektibo-sexualak eta emakumeen ugalketa osasunak honakoak bilatu dituzte, beste helburuen artean: nahi gabeko haurduntzak ekiditea, arriskurik gabeko sexu harremanak izateko moduak ezagutzea, harreman afektibo-sexualek berdintasunezkoak izan behar dutela ulertzea, amatasuna ekintza arduratsua eta askea dela jabetzea eta, batez ere, gorputza atsegin eta ongizate iturria dela jakitea.
Beharbada, nahi gabeko haurduntzak, neska gero eta gazteagoen abortuak eta amatasun goiztiarrak saihestuko lituzke hezkuntza afektibo-sexual onak. Halaber, beste arazo batzuk ere gutxituko lirateke, nerabezarotik, neska-mutilek ulertuko balute harreman afektiboek berdintasunezkoak izan behar dutela eta ez dutela mendekotasuneko harremanik onartu behar. Neska gazte askok duela zenbait hamarkada gaindituak ziruditen jokabideak dauzkate, eta emakumeen emantzipazioan atzerakada argi gisa bizi ditugu aurreko belaunaldikook. Maitasun erromantikoaren mitoak limurtuta, eta maitatuak ez izatearen beldur, neska nerabe askok hainbat arrisku dituzte: gutxiagotasuna bere egitea, nahi ez dituzten sexu harremanak izatea, gustatzen ez zaizkien sexu jarduerak onartzea edo euren mutilek preserbatiboa erabiltzeari uko egitea, zer jantzi behar duten haiei erabakitzen uztea, edo mugikorraren edo sare sozialen bidez kontrolatzea onartzea, "zenbat maite nauen" bezala ulertzen dutelako.
Gai honetan, ezinbestekoa da ikasleekin noranzko bitan lan egitea: neskekin, komeni ez zaizkien harremanez ohar daitezen eta saihets ditzaten; eta mutilekin, uler dezaten haiek ere afektiboki zikiratuta daudela harreman eredu androzentrikoari eusten badiote, eta ikas dezaten sexu harremanak pertsonen arteko adostasuna dagoenean baino ez direla etikoak.
Bigarren hezkuntzan, berariaz landu behar da emakumeen aurkako indarkeria orokorrean, eta sexuerasoak bereziki. Garrantzitsua da azpimarratzea hezkuntza afektibo-sexualari hezkidetzaren ikuspegitik begiratu behar zaiola. Hura irakasten dutenek, arloari buruzko ezagutzak ez ezik, teoria feministako prestakuntzarik ez badute, genero estereotipoak indartzen lagundu eta hainbat akats egingo dute, hala nola heterosexualtasun arauemailea bultzatu edo pertsonak euren harreman afektibo-sexualen arabera etiketatu. Eman beharreko hezkuntzak bere aukera afektibo-sexualak askatasunez hautatzeko gai den izaki autonomo gisa ikusi behar du pertsona.
Igo