Errealitate soziala interpretatzeko erreferentzia markoa: kontuan hartzen du, betiere kasuan kasuko testuinguruan, zer ondorio eta jatorri duten emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunek.
Gehiago irakurri
- Hainbat diziplinatako kritika feministak elikatzen du, eta, hortaz, ikuspegi hegemonikoen aurrean, alternatibak proposatzen ditu
- Emakumeen giza eskubideen defentsaren aldeko konpromiso politikoa dakar
- Genero-analisiaren eta genero-planifikazioaren bitartez hezurmamitzen da
Gogoeta feministan sakon sustraituriko ikuspegi kritiko eta historikoa dugu, eta ikuspegi horren arabera, horrelaxe ulertzen dira garapena eta demokrazia: erdigunean pertsonak jarri behar dituzten eta berdintasunaren printzipioarekin bat egiten duen zutarri etiko argia duten prozesu gisa. Hainbat diziplinaren ekarpenak uztartuz, errealitatearen ikuskera konplexu bat osatzen du genero-ikuspegiak. Baina horrek ez du esan nahi Generoaren Teoriaren aurretik ez zegoenik emakumeen eta gizonen jarrerei buruzko interpretaziorik. Gizarte eta garai orotan garatu da gaiari buruzko interpretaziorik. Interpretazio tradizionalen eta gaur egun ezagutzen dugun genero-ikuspegiaren artean, ordea, badago alderik: tradizionalen arabera, arrazoi biologikoen baldintzapenen ondorio ziren emakumeen eta gizonen jarrera ezberdinak (Garcia Prince, Evangelina: Hacia la institucionalización del enfoque de género en las políticas públicas. Ed. Fundación Friedriech Ebert. Caracas. 2003).
Marcela Lagardek esan moduan, genero-ikuspegiaren ondorioz, zenbait galdera mamitsu jarri dira mahai gainean:
- Munduaren antolaketa patriarkalak eta horrek eratzen dituen jarrera femenino eta maskulinoek zer neurrian errazten edo eragozten diete emakumeei eta gizonei beren premiak asetzea, beren asmoak betetzea eta beren bizitzei zentzua ematea?
- Zer distantzia dago gizonek emakumeen aldean duten garapenaren eta aurrerakuntzaren eta emakumeek gizonen aldean duten garapenaren eta aurrerakuntzaren artean?
- Emakumeen eta gizonen arteko menderakuntza- eta zapalkuntza-harremanek eta gizarte-testuinguru patriarkaletako beren izaerek mesede egiten al diote garapen sozialari, giza eskubideei eta giza ongizatearen hobekuntzari?
- Nola sortzen eta garatzen dira gizon-emakumeen arteko harreman patriarkalen prozesu historikoak, nola aldatzen dira eta nola sor daiteke alternatiba ez-zapaltzaile bat?
(Lagarde, Marcela: La perspectiva de género. Guía didáctica para el Curso Perspectiva de Género. Subsecretaría de Población y Servicios Migratorios. Mexico.1999.)
Igo