Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioareko Hitzarmenak (Nazio Batuen Erakundea, 2006) honela definitu zuen desgaitasunak eragindako bereizkeria bikoitza: "Desgaitasunak eragindako edozein bereizketa, bazterketa edo muga, haren helburua edo ondorioa eremu politiko, ekonomiko, sozial, kultural, zibil edo bestelakoan giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak berdintasunez onartzea, gozatzea edo erabiltzea oztopatzea edo baliogabetzea izanda. Bereizkeria modu guztiak biltzen ditu, besteak beste, arrazoizko doikuntzak ukatzea".
Gehiago irakurri
“Arrazoizko doikuntzak ukatzea” aipatzen duenean, irisgarritasun fisikoa (arkitektura, hirigintza, garraio... oztopoak) edo komunikazioaren eskuragarritasuna sustatzeko ekintzak abiarazteari uko egiteaz ari da hitzarmena.
Bestalde, Emakumearen aurkako bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko hitzarmenaren arabera (Nazio Batuen Erakundea, 1979), emakumearen aurkako bereizkeria adieraziko du “sexuan oinarritutako bereizketa, bazterketa edo muga orok, gizonaren eta emakumearen arteko berdintasunaren oinarrian, eremu politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta zibilean edo bestelako edozein eremutan emakumeen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak berdintasunez onartzea, gozatzea edo erabiltzea oztopatzeko edo baliogabetzeko helburua zein emaitza badu, edozein dela ere andrazkoaren egoera zibila”. Hitzarmen horren helburua emakume guztiak babestea da.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiketara hurbiltzen garenean, desgaitasuna duten emakumeak konpondu gabeko gai etengabea dira. Arraza, erlijioa, desgaitasuna, sexu aukera, eta abarren ondorioz, askotariko bereizkeriak jasaten dituzten emakumeen egoerak kontuan hartzeko deia lege eta ekintza positiboko tresna askok egina duten arren, horixe da errealitatea.
Gaur egun generoak eragindako emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek badiraute iraun, eta desgaitasuna duten emakumeak ez dira haietatik kanpo geratu. Bestalde, jakin badakigu desgaitasuna duten pertsonek ez dutela aukera berdintasunik bizitzako kontu garrantzitsu gehienetan. Aniztasun funtzionala duen emakumea izateak areago okertzen du egoera. Hala, desgaitasuna duten emakumeak gure gizarteko talderik baztertuenen artean daude, eta bereizkeria bikoitzaren edo askotarikoaren biktimak dira.
Zeharkako datuek, zuzeneko estatistika datu urriekin batera ‑aldagai hori oraindik kontuan hartu ez delako‑, errealitate argia islatu dute: desgaitasuna duten emakumeek desgaitasuna duten gizonen zein gainerako emakumeen eta gizonen aurrean duten desabantaila bizi eremu ia guztietan: hezkuntzan, enpleguan, parte hartze publikoan, lidergo postuak betetzean, kirolean, ahalmen ekonomikoan, gidabaimena izatean, etxebizitzaren jabetzan, erakundeetako bizi maila handiagoan, etab.
Gizarte bereizkeria zio bi horiek bat egin dute eta, hala, generoaren ondorioz emakumeak ‑gizonekin alderatuta‑ aukera berdintasunetik urruntzen zituen inguruabarrak areagotu egin ditu desgaitasunak. Bestalde, aldi berean aurreiritzi gehiagoren pean jarri ditu, tradizioz genero femeninoari esleitu zaizkion ezaugarriak, eginkizunak eta balioak zalantzan jartzen direlako desgaitasuna duten emakumeak direnean: amatasunaren balioak, zaintzako eta etxea mantentzeko lanak, ama, emazte edo neska-lagun eginkizunak, sexu desiraren inspiratzaile gisa...
Era berean, bereizkeria bikoitz horrek burulaguntza mugimenduetan eta gizarte mugimenduetan sartzeko gaitasun txikiagoa dakar. Desgaitasuna duten emakumeak ez dira nahikoa deituta ez ordezkatuta sentitu erakunde feministetan, ezta berdintasunaren aldeko elkarteen aldarrikapenetan ere. Bestalde, desgaitasunaren eremuko erakundeetako gizonezko kideek ez dute sumatu bereizkeria sortzen duen bestelako inguruabar garrantzitsurik, erabakitzeko postuak eurek dauzkate, eta ez diote lehentasunik eman desgaitasuna duten emakumeen jabekuntzari.
1997 arte, Europako Desgaitasuna duten Emakumeen Europar Manifestuari esker, ez zen agerian utzi desgaitasuna duten pertsonak aintzat hartu eta tratatzerakoan genero ikuspegia batere kontuan hartu barik egiten zela. Hamar urte behar izan ziren, ordea, Europan aniztasun funtzionala duten emakumeen egoerara hurbildu zen txosten bat edukitzeko, eta oraindik gutxi ebaluatu den beste alderdi bat erakutsi zuen: desgaitasuna duten emakumeek arrisku handia dute genero indarkeriaren biktima izateko eta desgaitasunaren ondoriozko tratu txarrak pairatzeko. Egitate horretan, berriz ere, elkargunetzaren eragina ikusten da.
Igo