CAS | EUS
A B C D E F G H I J K L M N Ñ O P Q R S T U V W X Y Z

Kaixo!

 

Glosario honen helburua da Feminismoarentzat oinarrizko diren terminoen kontsultaleku izatea (hala nola ‘genero’, ‘jabetzea’ eta ‘indarkeria matxista’ terminoena), bai eta, teoria feministaren termino berariazkoak ez izan arren, emakumeen eskubideak eta haiei dagozkien ondorioak kontuan hartzen dituen ikuspegi batekin definitutako terminoena ere (esaterako, ‘medikalizazio’, ‘sedentarismo’ eta ‘dildo’).

Glosarioa euskaraz eta gaztelaniaz kontsulta daiteke, baina, egiaz, Zeinu Hizkuntzan (NZH) jartzea izan zen proiektu honen akuilu nagusia, ohartu baikinen gorren komunitateak ez zuela horrelako baliabiderik.

Orain dela pare bat urte hasi ginen… pentsatuta bi hilabetean prest egongo zela! Halaz guztiz, merezi izan du atzeratzea; izan ere, proiektua luzatu baldin bada, hasierako asmoak arian-arian handituz joan zirelako luzatu da. Hasi ginenean, 20 sarrerako Glosario bat genuen buruan, eta, gaur egun, 65 dauzkagu ia, denak ere 30 bat adituk zabal eta argi definituak, Glosario honetarako berariaz (luxu ederra!). Orobat, hasieran ez genuen uste NZHko bideoak eta ilustrazioak hain kalitate onekoak izango zirenik.

Glosario hau sortzeko bidean, elkarlanean aritzeak eta ezagutza kolektiboki sortzeak piztu digu ilusiorik handiena; halaber, zinez pizgarria izan da gure aletxoa jartzea kolektibo feministen eta gorren komunitatearen borroka eta aldarrikapenek elkar kontuan har dezaten eta bat egin dezaten.

Hemendik aurrera, baliabide hau hobetzen segituko dugu: alde batetik, definizio osoak emango ditugu NZHn (oraingoz, terminoei dagozkien zeinuak soilik eman baititugu), eta, bestetik, sarrera gehiago erantsiko ditugu, oraindik sartzeke dauden oinarri-oinarrizko horiek bereziki.

Oraingoz, gozatu prestatutakoaz!