Emakumeen jabekuntza ekonomikoaren eta eskubide ekonomikoen alde lan egitea garrantzitsua eta beharrezkoa da. Pobreziaren feminizazioa hazten ari den abagunean, jabekuntzak eragina du emakumeen gizonekiko posizioa hobetzean, boterea birbanatzeko zein emakumeen eta gizonen arteko harreman desorekatuak gainditzeko negoziazio ahalmena handitzen baitie; funtsezko elementuak dira jabekuntza prozesuetan.
Gehiago irakurri
Dimentsio ekonomikoari soilik helduta, oso ezaguna da emakumeak txirotutako pertsonen %70 direna, eta horrek "pobreziaren feminizazioa" esapidea sorrarazi du. Historikoki eta tradizionalki, emakumeei erantzukizun handiagoa eman zaie familien oinarrizko premiak asetzeko, emakumeenak ez ezik, pertsona guztienak diren premiak izanda. Andreei atxikitako erantzukizun hori, gainzama ez ezik, muga ere bada haien bizitzen beste alderdi batzuk garatzerakoan. Horregatik daude desberdintasun eta ahultasun egoera larriagoan, eta horrek bizitza duina garatzeko haien gaitasunak, askatasunak eta aukerak mugatu ditu, dimentsio ekonomikoan ez ezik, beste hainbat esparrutan ere: osasunean, hezkuntzan eta elikaduran; baliabide ekonomikoen eskuragarritasun eta kontrol urrian; ordaindu gabeko erreprodukzio lanaz bidegabeki eta ia esklusiboki arduratzean; parte hartzeko, eragiteko eta erabakiak hartzeko gaitasun mugatuan, eta haien banakako eta taldeko eskubideen indar eta sustapen hauskorrean ere bai.
Jabekuntza ekonomikoa honela definitu da: “Epe luzerako baldintza iraunkorretan bizi ahal izateko behar diren baliabideak eskuratzea eta kontrolatzea, eta eskuragarritasun eta kontrol horien onurak jasotzea”[1]. Baliabideen zein onuren eskuragarritasuna eta kontrola emakumeen eskuetan jartzea, beraz, jabekuntza ekonomikoaren helburuetako bat da. Horretarako, funtsezkoa da haien jabetza emakumeen esku egotea, jabetza estuki lotuta baitago etxeko, familiako, komunitateko, merkatuko eta Estatuko autonomia ekonomikoari eta negoziatzeko ahalmenari. Jabekuntza ekonomikoa ez da, besterik gabe, emakumeek sortutako diru sarrerak handitzea; aitzitik, prozesu askoz konplexuagoa da eta haren emaitzetan emakumeen bizitzaren dimentsio asko biltzen dira: aukera handiagoak, gaitasunen garapena, partaidetza eta antolamendua handitzea, eta autokonfiantza eta autoestimua handitzea.
Jabetza emakumeen esku egotearen garrantzia
Ikerketa oso gutxi egin da sexuaren arabera bereizitako jabetzaren banaketari buruz eta, beraz, Nazio Batuen Emakumeen Nazioarteko 2. Biltzarrean (Kopenhage, 1980) bildutako datuetan oinarrituko gara. Datu horien arabera ‑etengabe joko dugu haietara‑, emakumeak munduko biztanleen erdiak dira, lan indarraren erregistro ofizialen herena betetzen dute, lanaren bi herenak egiten dituzte, baina munduko diru sarreren hamarren bat baino ez dute irabazten eta munduko jabetzaren %1 baino ez daukate. Beraz, azpimarra dezakegu, baliabidearen kontrolari dagokionez, emakumeen eta gizonen artean desberdintasun nabarmena dagoela (Deere eta León, 2002[2]).
Jabetza eskubideetan berdintasun formala lortzeak ez du ekarri emakume eta gizonen artean ondasun ekonomikoak berdintasunez egiaz banatzea, eta aldea are handiagoa da landako emakumeen kasuan. Generoak baldintzatutako lan banaketak eragin handia dauka desberdintasun horretan; izan ere, gizonak nekazari aitortzen ditu, baina emakumeak bigarren mailako laguntzaileak edo familiako langileak baino ez dira, edozein dela nekazaritzan egindako lan kopurua; horrek jabetzari buruz dituzten eskaeren gizarte zilegitasuna eragozten du. Ondorioz, inklusiorako estrategia zehatzak ezarri ezean – titulartasun bateratua edo ekintza positiboko neurriak izan‑, zaila izango da emakumeen eskuetan dagoen jabetza handitzea. Bestalde, lurrerako eskubideak onartzeak berekin dakar emakumeak nekazari aitortzea, eta horrek nekazaritzaren eremuko ikusezintasuna murrizten du eta genero estereotipoa ukatzen du. Hori baliabide ekonomiko guztietara hedatzeak emakumeak subjektu ekonomiko gisa aitortzea dakar, baita burutzen dituzten zeregin ugariak baloratzea ere.
1995eko Beijingo Biltzarrean, emakumeen lurrerako eskubideak Ekintza Planeko helburu estrategikoen osagai garrantzitsua izan ziren. Emakumeen produktibitatea handitzeko funtsezko elementu ez ezik ‑eraginkortasunaren argudioaren pean‑, haien ongizaterako ezinbestekoa den eskubidearen aitorpen gisa ere bai, emakumeen negoziatzeko ahalmenari, jabekuntzari, autonomia ekonomikoari eta independentziari lotuta (Deere eta León, 2002).
[1]UNIFEM, Nazio Batuen Emakumearentzako Garapen Funtsa, 1976an sortua.
[2]DEERE, Carmen Diana eta LEÓN, Magdalena, Género, propiedad y empoderamiento, Mexiko, Programa Universidad Nacional Autónoma de México, 2002.
Igo