Espainiako Hizkuntzarako Errege Akademiaren hiztegiak honako definizioa eman dio androzentrismoari: “Gizonen ikuspuntuak gidatutako munduaren eta gizarte harremanen ikuspegia”. Definizio horrek, ordea, ez du ondo deskribatzen hitzaren esanahi osoa.
Gehiago irakurri
Androzentrismoa ez da gizonen ikuspuntuak gidatutako mundu ikuskera hutsa; gauza guztien erdigunean jartzen du gizona, eta ikuspegi hori onena, posible bakarra eta unibertsala balitz bezala hartzen da. Androzentrismoaren arabera, gizonaren ikuspuntuak balioa eta onespena ematen dituenez gero, gizonentzat ona dena gizateriarentzat da ona. Gauzak gizonen ikuspuntu partzialaren arabera izango dira garrantzitsuak, onak edo txarrak. Emakumeen aurkako bereizkeria sexista mota bat da.
Mundu ikuskera horrek emakumeak eta haien lorpenak ikusezin bihurtzen ditu, gehiago balioesten dituelako aurretik andreak kanporatu dituzten eremuak, eta haien protagonismoa arlo pribatura baztertzen duelako, bertan eman baitzaie gizarte balioa emakumeek egindako jarduera eta lanei.
Gizonek emakumeen gainean duten boterea eraikitzeko baldintza da androzentrismoa, eta aldi berean, haren ondorioa ere bada, desberdintasun horretaz elikatzen den heinean. Mundu ikuskera androzentristak justifikatzen du gizonek esparru publikoa eta ekonomikoa okupatzea, eta esparru horri boterea eta ospea ematea, emakumeek tradizionalki betetako eremu pribatuak ospe hori ez daukan bitartean. Botere posizio horretatik, desberdintasunari eutsi ahal izateko mekanismoak errepikatu eta elikatzen dira, emakumeek egindako lanak eta bizitza sozialean duten eragina gutxiesten dira, eta berdintasuneranzko aldaketarekiko erresistentzia handiak sortzen dira. Hala, ikuskera androzentristak hezkuntza, zientzia, ekonomia, osasuna, politika... baldintzatu ditu, emakumeen eta gizonen protagonismoa maila banatan kokatu ditu, eta gizonengan eta emakumeengan erreferente sinboliko, nortasun eta subjektibotasun desberdinak eraiki ditu, sexu biologikoan oinarrituta.
Zentzu horretan, Victoria Sauk honela definitu du androzentrismoa: “Azterketa, analisi edo ikerketa bati ikuspegi maskulinotik baino ez heltzea, eta ondoren emaitzek orokorrean norbanako guztientzat, gizonentzat eta emakumeentzat, balioko balute bezala erabiltzea”. Beraz, gure ikaskuntza eta gure gizarte harremanak androzentrismoak sakonki baldintzatuta daude eta, horren ondorioz, gure itxaropenak ere, banakakoak zein taldekoak izan, baldintzatuta daude. Pierre Bourdieuk dioenez, “androzentrismoa inkontzientean kokatu da, eta Familian, Eskolan eta Estatuan hartaz beteta geratu gara”. Hala, pertsonen sexuan eta emakume eta gizonentzako eginkizun desberdinen eraikuntza kulturalean oinarritutako gizarte ordena naturalizatu da.
Ikuskera androzentrikoak gizateria eta gizona nahastu ditu. Hartan, gizonak etengabe onetsiak dira eta haien merituak goretsiak; emakumeen ikuskera, haien premiak eta jarduerak, aldiz, ozta-ozta aipatu eta onesten dira, eta, hala egiten denean, gizonek tradizionalki betetako esparruei baino garrantzi sozial txikiagoa ematen zaien eremuetan egiten da.
Azkenik, androzentrismoak emakumeen eta gizonen mundu bereiziak, aurrez aurre jarriak eta asimetrikoak eraikitzen lagundu du; bertan gizonen nahiak eta premiak argi eta garbi nagusitu dira, eta gizonek betetako esparru politiko eta sozialei balio eta botere handiagoak eman dizkie.
Igo